Gatikako Euskaraldiaren batzordeak “HAMAIKAKOA” osatzeko deialdia zabaldu dau. Maiatzaren 15etik 25era Euskaraldiaren laugarren edizinoa egingo da, eta Taupak, ekimenaren antolatzailea, herri bakotxak bere “hamaikakoa” izatea proponidu dau. Horretarako, Batzordea hamaka herritarren bila dabil.
Baina, zer da “hamaikakoa”? Izenak dinoen moduan, hamaka laguneko taldea da. Tauparen berbetan “ekimenaren enbaxadoreak dira, eta herritarren parte hartzea aktibauko dabe”. Hamaikakoaren kideek herrian erreferenteak eta euskaltzale aktiboak izan behar dira. Bestalde, taldeak herritar guztiak ordezkatuko dauz; beraz, mota guztietako pertsonak batuko dira, generoa, adina, behar esparrua edo bizilekua aintzakotzat harturik. Labur esanda, taldea ekimenaren aurpegia izango da herrian.
Eta zer egingo dabe? Hasteko, Euskaraldian parte hartuko dabe “ahobizi” ala “belarriprest” moduan. Ekimenaren aurpegia izango direzenez, publizidade karteletan edo bideotan bere agertuko dira. Ganera, ikusgarritasuna eukiteko, ekintza zehatzetan parte hartuko dabe, adibidez, ekimenaren aurkezpenean edo Euskaldiaren barruan antolatuko diren jarduera batzuetan.
Taldea egiteko Batzordeak eskutitz bat idatzi deutse herriko eragile guztieri (alkarteak, alderdi politikoak, herritar eragileak…), hamaikakoak izateko gonbidapenagaz. Eta zezeilaren 18a baino lehen erantzuteko eskatu deutse.
