UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Coppieters Fundazioak, Azpeitiko Udalagaz batera, “Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean” nazinoarteko konferentzia egin dabe urriaren 16an eta 17an, Azpeitian. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletza bere euki dau ekimenak.
Izenburuak dinoen moduan, konferentzian arnasguneek hizkuntza gitxituen bizibarritzean daukien garrantzia aztertu da. Ekitaldian Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak bere etorri dira euren herrialdeetako egoera ezagutzera emoteko.
Ekitaldiak makina bat datu, esaldi eta izenburu mamitsu itxi dauz, baina guretzat nabarmentzekoak izan dira Miren Segurola UEMAren koordinatzailearen berbak:
“Arnasguneak desagertuz gero, biziberritze prozesuan asko egingo dugu atzera, eta asko gerturatuko gara desagertzetik gu baino askoz gertuago dauden hizkuntzetara. Ezin dugu hori gerta dadin utzi. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak hizkuntza politikaren lehen lerroan jarri behar ditugu. Lurralde estrategian oinarrituko den hizkuntza politika berria adostu eta abiarazi beharra dugu”.
“Hizkuntza politika aurrerakoiak egitea ahalbideratuko duen lege babesa behar dute arnasguneek. Erdarek bereganatu dituzten funtzioak berreskuratzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, erdaldunak erakartzeko eta eremu horien garapen jasangarria sustatzeko politikak eta egitasmoak behar ditugu. Euskara erdigunean jarriz egingo diren politika transbertsalak: demografiari, harrerari, ekonomiari, lurralde antolaketari, kulturari, hirigintzari eta bestelako esparru guztiei euskaratik begiratzeko jauzia egin behar dugu”.
Arnasguneak zer diren azaltzen dauen Mikel Zalbideren bideoa:
Informazino gehiago UEMAren webgunean ikusi daiteke: UEMA – Arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzian parte hartzeko deia egiten die UEMAk udalerri euskaldunetako alkate, udal ordezkari, teknikari eta euskaltzaleei
