Udalerri Euskaldunen Eguneko ekitaldian, Otxandion, UEMAk udalez gaindiko erakundeen esku dauzen neurriak aurkeztu dauz. Larritasun egoerari aurre egiteko eta arnasguneei eusteko ezinbestekoak diren 10 neurri dira, administrazino publikoek udalerri euskaldunetan epe motzean hartzeko modukoak.
Honeek dira UEMAk proponidutako 10 neurriak:
- Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan ematen dituzten zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzen direla bermatzea.
- Udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia euskaraz izateko betebeharra ezartzea.
- Udalerri euskaldunetan garatu beharreko planek, proiektuek eta askotariko egitasmoek euskarari eragin kaltegarririk ez sortzeko neurriak hartzea.
- Ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazio dinamika martxan jartzea.
- Euskalduntze-alfabetatze ratioak jaistea eta doakotasuna bermatzea maila guztietan.
- Helduen hezkuntzan euskara ardatz gisa ezartzea, herritar etorri berrientzako murgiltze-neurrietan.
- Haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko murgiltze ereduak abiatzea.
- Udalerri euskaldunetako haur eta gazteek ikasketa prozesu osoa ahalik eta gune euskaldunenetan eta trinkoenetan egitea ahalbidetuko duten neurriak ezartzea.
- Familia zaurgarrietako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko neurriak hartzea.
- Udal langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta udalen euskarazko funtzionamendua bermatu dadin neurri juridikoak hartzea.
