Gatikako Euskaraldiak abian ipini dau 2025eko Euskaraldian izena emoteko publizidade kanpaina. Euskaraldia Euskaltzaleen Topaguneak (gaur Taupa) asmau eban 2018an, euskeraren erabilera handitzeko helburuagaz. Ohikoa da euskaldunek ezezagunen aurrean erdera erabiltea. Adituen esanetan, hizkuntza gitxiagotuen hiztunei, besteak bere hizkuntza egiten dauen ala ez, ez jakiteak estres linguistikoa eragiten deutse, eta ondorioz, guztiok ulertzen daben hizkuntza nagusia erabilten dabe. Euskaraldia joera honi aurre egiteko pentsauta dago. Hain zuzen, euskaldunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Horretarako, Taupak Euskal Herria osoan egingo dan hamaka eguneko ariketa sozial masibo bateratua diseinau dau.
Tauparen kudeaketapean, Euskaraldiaren koordinazino mahaia osatzen dabe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.
» Zertan datza Euskaraldia?
Hamaka egunez parte-hartzaileek euskeraz biziko dira. Rol bi jokatu ahal izango dabez: AHOBIZI edo BELARRIPREST. AHOBIZI rola hartzen dabenek euskeraz egingo dabe uneoro euskeraz ulertzen dabenekaz. Eta ezezagunekaz lehenengo berba euskeraz izango da. Bestalde, BELARRIPREST rola haututzen dabenek, euskera entzuteko prest egongo dira Euskaraldiak irauten dauen egunetan. Bai batzuk bai besteek euren rola adierazten dauen txapa bat eroango dabe.
Ganera, ariketan, norbanakoak ez ezik, entidadeek bere parte hartu daikie (alkarteak, erakundeak, lantokiak, lagun taldeak…), ariketa taldean egiteko.
» Txapen ezinbesteko zeregina
Ariketa ondo egiteko, sano garrantzitsua da egunero txapa eroatea, holan, jakingo dogulako aurrean daukagunak euskeraz ulertzen dauela, eta aitatutako estres linguistikoa murriztu egingo dalako.
» Izen-emotea
Euskaraldian parte hartzeko izena emon behar da (epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik). Honetarako, Taupak esteka bat abiarazi dau euren webgunean izena emoteko:.
- Online: https://izenematea.euskaraldia.eus
- Eskuz bere emon daiteke izena Kultur Etxean (San Marko jaietan bere, txoznan egongo dira izen-emote orriak).
*Txapak Kultur Etxean batu behar dira.
Informazino guztia Euskaraldiaren webgunean: https://euskaraldia.eus/