
Batzordearen lehenengo idazkunean euskeraren osasunari eutsiko deutsegu, Iñaki Iurrebaso, soziologoa eta UEMAko teknikariaren eskutik. Honetarako, 2023an argitara emondako “Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa” tesia, eta Azpeitian, UEMAko kide diren herrietako euskera teknikarien foroan (2024/02/2), emondako berbaldia erabiliko doguz. Hurrengo orrietan aitatuko doguzen berbak eta zenbatekoak Iurrebasok igorritakoaren laburpena baino ez dira.
Izenburuak adierazten dauen moduan, beharraren helburua euskeraren osasuna aztertzeko tresna metodologiko egokiak sortzea izan da. Horretarako, euskal demolinguistikan jarduten daben erakunde nagusiek egindako ikerketetako datu-baseak erabili dauz (zentsuak, hizkuntzen erabileraren kale-neurketak eta inkesta soziolinguistikoak). Ondoren, adierazle horien emaitzetan oinarrituta, Iurrebasok Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren irakurketa egin dau.
Orain arte, euskeraz berba egiteko gaitasuna besterik ez zan neurtzen. Hau da, zenbat herritarrek dakiten euskera eta zenbatek ez. Iurrebasok, ostera, parametro barriak sartu dauz ekuasinoan; hizkuntza-gaitasuna ezezik, baita erabilera, hizkuntzagazko motibazinoa eta jarrera, transmisinoa eta sozializazinoa, hizkuntza-bilakaera eta lurralde-nagusitasunen dimanikak bere. Eta holan lortutako zenbatekoek egoeraren ikuspegi askoz sakonagoa eta zehatzagoa erakutsi deuskue..
» Hizkuntza-gaitasuna, ahulgune garrantzitsua
Hizkuntza-gaitasuna funtsezko ardatza da hizkuntza baten egoera zertan dan jakiteko orduan. Euskal Herriko hiztunen osaera egiteko, Iurrebasok hiztunak zazpi moltsotan sailkatu dauz, berba egiteko ahalmenaren arabera: erdeldun elebakarretatik hasi eta euskeradun elebakarretan amaitu, jario maila ezbardinetako elebidunak igaroz. Eta emaitzek argi erakusten dabe euskera erabilteko oztopo handietariko bat hizkuntza gaitasuna dala. Izan bere, 16 urtetik gorako biztanleria aintzat harturik, bakarrik herritarren % 30,4 euskeraz berba egiteko gai da, eta % 69,8 ez (2021). Baina datuak xehetasun guztiekaz arakatuta, aldiz, hizkuntza bien arteko desoreka aroz larriagoa da, zeren eta benetan erosotasunez berba egiten daben hiztunak % 7,9 baino ez dira, eta, aldiz, erderaz
% 83,4. Ganera, horien arteko gehiengo handi bat (% 61,9) elebakarra da, eta gaztelaniaz ala frantsesez bakar-bakarrik mintzatzen da. Hortaz, hizkuntza-gaitasunari erreparauta, desoreka handia dago egungo Euskal Herrian.

Azken hamarkadetako bilakaerak bere datu esanguratsuak emoten dauz. Alde batetik, euskeraren ezagutza handitu egin da, eta erdeldun elebakarren pisua jaitsi % 73,6tik % 63,9ra (1991-2021 urteak). Baina azpimarratu behar da muturreko talde biak ahuldu egin direla; arnasguneetan bizi direnak eta lehen hizkuntza euskera izandakoek bere pisua galdu dabe. Ondorioz, elebidunek egin dabe gorantz. Gehien handitu diran moltsoak, barriz, erdel muturretik parajeen dagozen biak izan dira. Horrek esan gura dau, euskeraren ezagutza handitu egin dan neurrian, erraztasuna galdu egin dala.
Gazteen moltsoa da gaur egun adin-talde euskeradunena, heldu eta zaharragogazko alde esanguratsuekaz ganera. Halanda guztiz, 15-24 urteko gazteen osaera aztertuta bere, oraindik askoz gehiago dira erdal nagusitasuna daukaten hiztunak euskera nagusitasuna daukatenak baino (%76,0 eta %13,2 hurrenez hurren 2016. urtean). Umeen kasuan bere, bada azken urteotako azterketetan kezkatzeko motiborik: EAEko ebaluazino-diagnostikoaren emaitzen arabera, euskerazko gaitasun-maila urria daukaten ikasleen moltsoa handitu egin da 2011 eta 2017 bitartean; bai LH4ko umeen artean, eta baita DBH2ko nerabeen artean bere.
» Euskeradun gehienek gehiago erabilten dabe erdera euskera baino
Beste parametro funtsezkoa hizkuntza baten egoera soziala neurtzeko erabilera da. Ezer baino lehen, hizkuntza bat bizirik badago, erabilten dalako da. Eta hemen, emaitzak oraindino kezkagarriagoak dira, zeren eta, 2016ko adierazleen arabera, % 11,1eko pisua besterik ez eban euki euskerak kalean 15-16 urtetik gorako Euskal Herriko hiztunen artean. Umeak aintzat hartuta, kale-erabilera apur bat handiagoa izango leike, baina, holan bere, % 12,3 baino ez.

Eta zein hizkuntza erabilten dabe euskeradunek? ISLko datuetan oinarrituta, nahiz eta euskeraz egin, euskeradunek hizkuntza biak erabilten dabez era bardintsuan: % 53,8 euskera eta erdera % 46,2 (2016). Bestalde, erabilera bardintsu mantenidu da 25 urteetan (1991tik 2016ra). Arlo ezbardinak begiratuz, barriz, bai ikusten dira alde handiak. Orokorrean, euskeraren erabilerak eremu honeetan egin dau gora: seme-alabekiko harremanetan (%73,1), udal zerbitzuetan (%65,8), administrazino publikoan (%57,8) eta lankideekiko alkarrizketetan (%55,2). Baina harreman informal guztietan (seme-alaben salbuespenagaz) behera egin dau: sare sozialetan, lagunekaz eta familiako hainbat kideekaz: gurasoekaz, neba-arrebekaz, bikotekideagaz eta etxekoekaz.
Aitagarria da euskerak daukan pisu txikia hedabideetan eta ikus-entzutekoen kontsumoan. Esate baterako, ETB1ek %1,9ko sharea lortu eban 2016. urtean. EAEko nerabe eta umeen hedabide eta kultur kontsumoari buruzko 2015eko datuak bere zentzu horretan doaz bete-betean: euskerak leku gitxi dauka Interneten, zineman filmak ikusteko orduan edo musika entzuterakoan.

Argitu beharra dago euskeraren erabilera sano ezbardina dala herrialdeka. Gaur egun ekoizten dan euskera guztiaren erdia pasa (%55,6) Gipuzkoan sortzen da eta beste zati adierazgarri bat, laurdena pasa (%25,6), Bizkaian. Nafarroa Garaiari dagokio sortzen dan euskeraren hamarrena inguru (%11,1), eta toki txikiagoa daukate Iparraldeak (%4,0) eta Arabak (%3,7) euskeraren eguneroko ekoizpenean.
» Asko erabilten da euskera, dagoen hizkuntza-gaitasunerako.
Aurreko zenbatekoak begiratuta, arreta pizten dau datu batek: hizkuntza-gaitasuna handiagoa dala erabilera baino. Antza danez, euskera gitxi erabilten da gaur egungo Euskal Herrian dagoen ezagutza-mailarako. Azken hamarkadetako bilakaera aztertuta bere, ikuspegi horrek dino asko aurreratu dogula ezagutzan, baina ez hainbeste erabileran. Halandabe, Iurrebasok uste dau euskera dakitenen ehunekoa ez dala erreferentzia baliagarria erabilera neurtzeko, zeren eta hizkuntza bi dauden lurraldeetan erabilera beti izango ei da gaitasuna baino txikiagoa. Aroz gehiago, biztanleriaren zati handi batek ez badaki euskeraz egiten eta guztiok alkarregaz bizi bagara.
Hobeto esanda, euskeraz egiteko aukera eukitea edo ez eukitea da oinarrizko baldintza. Beraz, gure errealidadea aintzat hartuta, Iurrebasoren eretxiz, aurkakoa izango leike. Hain zuzen bere, euskera-erdaren gitxieneko eta gehienezko erabilera posibleen erreferentzien argitan, asko erabilten da euskera, dagoen hizkuntza-gaitasunerako.
Atal hau amaitzeko, erabileraren garrantzia azpimarratu behar dogu. Izan bere, Iurrebasorentzat, erabilera hizkuntza-gaitasunaren motorra da: hizkuntza bat ezin da ikasi erabili barik, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto egingo dogu berba. Are gehiago, gaitasuna ahuldu egingo da gitxi erabilten badogu (eta ahaztu bere egin daikegu). Era berean, hizkuntza batean zenbat eta gaitasun handiagoa euki, orduan eta gehiago erabiliko dogu; zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gaitasun handiagoa izango dugu.

» Hizkuntzarekiko jarrera eta motibazinoa dira gure indargune nagusia
Bestalde, nahiz eta tesiaren kokapen metodologiko nagusitik kanpo lotu, Iurrebasok alderdi subjetibo zenbaitzuk bere aztertu dauz. Zehero, euskeragazko jarrera eta motibazinoa, zeintzuk hizkuntzalarien ustez, garrantzi handia baidaukate ordezkapen-prozesuetan hizkuntzek bizirik irauteko. Eta arlo honetan emaitzak lasapide apur bat emoten deuskue.
Hasteko, Inkesta Soziolinguistikoen argitalpenetan (2019. urtekoak), euskeraren aldeko eretxiak nagusi dira herritarren gehiengo zabal baten artean. Holan, 16 urtetik gorako hiztunen artean %55,8 dira aldeko jarrera daukatenak, %16,0 aurkakoa daukatenak eta ganerako %28,2k ez daukate jarrera argirik euskeraren alde edo aurka. Bilakaera-joerei erreparauz, 1991-2016 bitarteko datuek erakusten dabe epealdi osoan izan dala nagusi euskeraren aldeko jarrera, eta, ganera, indartu egin dala 1991ko %47,5etik 2016ko %55,8ra; euskeraren aurkako jarreraren pisua, barriz, %20,9tik %16,0ra jaitsi da. Aipagarria da euskeraren aldeko jarrera hori arabere indartsuago azaltzen dakula euskeradunen artean: horien artean %85,3 litzatekez euskera sustatzearen aldeko jarrera daukatenak.
Ez bakarrik hori, euskeradunen erabilera-datuak eta euren harreman-sarearen gaitasun-datuak alderatuta: gaur egungo euskeraren erabilera-maila hiztunek daukien hizkuntza-gaitasunaren eta erosotasunaren ganetik dago. Esaterako, guraso askorentzat berez erosoagoa izango litzateke euren seme-alabekaz erderaz jardutea; baina, holan eta guztiz bere, euskerari emoten deutse lehentasuna.
» Transmisino- eta sozializazino-prozesuek euskeraduntzearen alde eragin dabe azken hamarkadotan
Familiako transmisinoa eta, zabalago hartuta, hizkuntza-sozializazinoa funtsezko prozesuak dira hizkuntza-jarraipena gerta daiten eta hiztun-komunidade batek bizirik jarrai daian. Eta lehenago esan dan moduan, gurasogazko eta seme-alabegazko erabilten dan hizkuntza alderatzeak bere, irudi baikorra emoten deusku euskerarentzat.
ISLko eta zentsuetako lehen hizkuntzari buruzko datuek, bada, azken 2-3 hamarraldietan, hizkuntza-transmisinoan gaztelaniak eta frantsesak nagusi izaten jarraitzen dabela erakusten badabe bere, euskera gehiago transmitidu da belaunaldi barrietara. Gaur egungo gurasoek eurek etxean jaso ebena baino euskera gehiago eta erdera gitxiago emoten deutse ondorengoei. Ez da garrantzi gitxiko datua.
Era berean, emaitza interesgarriak ixten dauz lurraldekako azterketak. Lehenengo, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko alde adierazgarria aitatu beharra dago. Iparraldean ez dago alde handirik gurasogazko eta seme-alabegazko erabileran: gurasoekaz apur bat gehiago egiten dabe, baina ez dago alde handirik. Hegoaldeko hiztunek, barriz, gehiago egiten dabe euskeraz seme-alabekaz gurasoekaz baino. Hegoaldearen barruan, bestalde, BATI eta HAI indizeek EAEn puntuazino hobeak erakusten dabez euskerarentzat Nafarroan baino; eta Vila indizeek, barriz, hobeak Nafarroan. Edozelan bere, Hegoaldeko bi eremuotan, belaunaldiarteko ikuspegiak euskeraren alde jokatzen dau.
» Indartsuagoa da erdelduntzea euskalduntzea baino: Euskal Herrian bizitzeak batez beste erdeldundu egiten du
Holan bere, hizkuntza-bilakaerari buruzko adierazleek galera emoten dabe euskerarentzat eta irabazia gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat. Laburtuz, lehen hizkuntza gisa euskera jaso dauen moltsoaren zati handi baten euskerazko gaitasuna higatzen joan da bere bizialdian: gehienek galdu egin dabe euskerazko nagusitasuna eta gitxi batzuek euskera ahaztu dabe. Konparazinoan, gehiago dira euren erabilera-ohiturak erdeldundu dabezen jatorrizko euskeradunak euren ohiturak euskaldundu dabezen jatorrizko erdeldunak baino. Aldebiko fluxuak dagozen arren, euskerarentzat irabazitakoek ez dabez inondik inora bardintzen galerak. Nazinoarteko alderaketak bere irudi ezkorra emoten deusku euskeraren dinamikaz: bizi-indar ahuleko hizkuntza da gaur egun euskera. Hizkuntza-bilakaeraren datuek galbidean dagoen hizkuntzaren irudia jartzen deuskue begi aurrean.

» Errealidade eta dinamika sano ezbardinak daukaguz nagusitasun-eremuen arabera
Orain arte Euskal Herri osoko datuak aztertu doguz, egoera leku guztietan bardina izango balitz moduan. Baina hori ez da gure errealidadea, ezbardintasun itzelak dagoz toki batetik bestera eta. Hasteko, gune batzuetan ez da aspalditik euskera egin (Enkarterriak, Arabako eta Nafarroako hegoaldea…) Eta eskualde euskeradunean bere gaur egungo hiztunen banaketa oso desorekatua azaltzen daku. Barruko herritxo asko guztiz euskeradunak badira, uri-ingurunetan erdera da askogaz nagusi.
Dirudienez, nagusitasun-eremuaren arabera gertatzen diren prozesu soziolinguistikoak eragin handia daukie hizkuntzengan. Adibidez, euskeragazko jarrera bera bere hobea da euskera nagusia dan eremuetan (erderaren nagusitasun handia daukaten udalerrietan bakarrik dagoz euskeraren aurkako jarrerak). Leku honeetan herritar gehienak euskeradunak dira, eta euskera erabilten dabe egunero bai kalean bai etxean. Beste inon baino errazagoa da ez dakienak euskera ikastea, gaitasun sendo bat garatzea, euskeraz berba egitea, hizkuntza ondorengoei transmititzea eta norbere bizitzan euskeraren aldeko hizkuntza-bilakaera bat eukitea. Ganera, euskerak ez daukanez beste hizkuntza nagusiago baten presinoa, hizkuntza osasuntsuak egiten daben moduan, garatu eta barriztatzen da gizarteagaz bat.
Beste muturrean, erderaren nagusitasun handiko eremuetan, gatxagoa da euskera garatzea, ikastea, euskeraz bizitzea, eta ondorengoei transmititzea… uriolaren aurka uger egitea modukoa da. Eta erderaren azpian narriadura, sinplifikazino, pobretze eta murrizketa-prozesu bat jasotzen dau. Hau ohikoa da hizkuntza-ordezkapen prozesuetan, hau da, hizkuntza menderatzaile batek hizkuntza txiki baten tokia hartzen dauenean.

Hizkuntza txikitu bat nagusi dan lekuei “arnasguneak” esaten dake. Izena Joshua Aaron Fishman hizkuntzalariak asmatutako “Breathing space” kontzeptuaren itzulpena da, zeren eta espazio horietan hizkuntzak arnasa hartu ahal izaten dau: “Demographically concentrated space where X-ish can be on its own turf, predominant and unharassed” (Fishman, 1991: 58). Fishman eta beste hizkuntzalarien ikuspegitik, garrantzi handia daukie arnasguneak ahuldutako hizkuntzek aurrera egiteko. Eta komunidade honeek laguntzea eta indartzea beharrezkoa dala dine. Zalbidek (2019a) bere ondo azaltzen dau arnasguneek euskaerarentzat daukaten hil edo biziko garrantzia. Beraz, arnasguneak jagotea ezinbestekoa da euskerak bizirik irauteko.
Euskera eta erderaren banaketa, ordea, ez da bapere orekatsua gure herrian. Iurrebasok batutako datuek jarraian ipiniko doguzen zenbatekoak izten deuskuez. Arnasguneak (euskeraren pisua %80tik gorakoa daukaten udalerriak) Euskal Herriko hiztunen %1,6 baino ez dira (Azpeitia, Errezil, Goizueta, Leitza, Muxika, Aulesti eta Ataun). Euskeraren pisua %60-%80 bitartekoa daukaten udalerriak %3,1 dira (Mutriku, Oñati, Azkoitia, Arbizu, Zestoa, Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroa). Nagusitasun argirik bako udalerriak (%40-%60ko pisua) %5,9 (Lesaka, Gernika-Lumo, Tolosa, Zarautz, Usurbil, Baztan, Zumaia eta pisua) %8,8 (Legazpi, Mungia, Andoain, Hernani, Arrasate, Elorrio, Ordizia eta Elgoibar). Eta erderaren nagusitasuna handia dan udalerrietan (euskeraren pisua %20tik beherakoa) %80,6 (Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Barakaldo, Getxo, Tutera, Donostia, Pasaia, Errenteria, Agurain eta Lizarra.

Halanda ze, sano gitxi dira gaur egun arnasguneetan bizi diren hiztunak. Euskal hiztun-komunidadearentzat daukien garrantzia, ordea, handia da.
» Euskara sozialki nagusi den eremu geografikoa agortzen ari da
Beraz, arnasguneak jagotea beharrezkoa da euskerak bizirik irauteko. Eta gure arnasguneak ahultzen eta murrizten doaz. XX. mende osoan zehar gertatu dan fenomenoa da: Hegoaldeko hiztunen %37,5 jaio ziran arnasguneetan 1906. urtean. Hirurogei eta bost urte geroago, 1971. urtean, umeen %10,0 besterik ez zan jaio ezaugarri horietako udalerrietan. Bitarte horretan, arnasguneen hiru laurdenek galdu ziran eta gehienbat nekazari giroko herri txikiek eutsi eutsen euskerari. Holan, euskera nagusi zan lurralde-eremuak agortzea ekarri eben XX. mendeko lehen zazpi hamarkadek. Prozesu hori XX. mende hasieratik gauzatu zan, eta 1936tik aurrera azkartu, 1951-1966 artean bereziki. Hortik aurrera, egoera nahiko egonkortu zan 70eko eta 80ko hamarkadetan, baina, orokorrean, arnasguneek ahultzen jarraitu dabe gaur arte.
Ikuspegia azken hamarkadetako bilakaerara ekarrita, datuek azaltzen dabe 1991-2016 tartean ez dala gertatu erabateko aldaketarik eremuen oinarrizko egituran; halaber, arnasguneak ahultzen jarraitu dira. Atzerakada Bizkaian eta Nafarroa Garain emon da gehien bat, ez hainbeste Gipuzkoan. Hizkuntza gitxituaren guneen ahultze-joera ulergarria gaur eguneko fenomenoak aintzat hartuta; besteak beste, inguruneen arteko fluxu demografikoak gero eta handiagoak direlako eta beharra, ikasketak, erosketak, aisialdia dala-eta eguneroko mugikortasunaren eskutik inguruneen alkarreragina gero eta handiagoa dalako. Badirudi, etxeko erabileran euskerak daukan pisua bere dezente jatsi dala azken 2-3 hamarkadetan.
Bilakaera-joera hau sano kezkagarria da, arnasguneek agortzen jarraituz gero, gero eta gatxagoa izango baita indarberritzean aurreratzea eta. Argi esanda, arnasguneen galtzeak egoera benetan zailean ipiniko luke euskeraren aurrerabidea.
» Olatu berri baten beharra
Azpeitiako berbaldia amaitzeko, Iñaki Iurrebasok XX. eta XXI. menteetako euskeraren bilakaera azaldu eban. 1906etik 1971era euskera aldatsbehera joan zan abiadura handian; izan bere, heriotzaren amildegi ertzera iritsi zan… Baina 1971. urte inguruan atzeranzko joera hori lotu eta buelta emoten hasi zan. Indarbarritze-aro honek 30 urte inguru iraun eban, 1971 ingurutik 2001 ingurura. Aldaketa honen eragilea euskalgintza sozialaren behar militante emonkorra izan zan. EAEko kasuan, erakunde autonomiko barriek sustatu ebezan politika barriek lagunduta, euskeraren prestigioak gora egin eban, eta horregaz batera gora egin eban familietan seme-alabak euskeraz hazteko ohiturak bere.
2001etik 2021era, aldiz, gelditu egin zan aurreko garaiko bulkada. Ez dakigu zergaitik emon dan aldateka hau; beharbada immigrazino-fluxuak, globalizazinoa edo teknologia barriak izan daitekez.

Iurrebasoren eretxiz 1971-2001 urteen arteko indarbarritze-arora bueltatu behar gara, eta euskeraren aldeko olatu barri bat sortu behar dogu!
Olatuak premiazko sei ardatz euki behar dauz:
- Euskera lehentasunetara ekarri.
- Euskeratzaletasuna sendotu.
- Erdera nagusi dan eremuetan asmatu.
- Arnasguneak sendotu-hedatu.
- Zeharlerrotasunez behar egin, eta politika integraletara saltu egin.
- Galdera barriek akuilatuta, irudimenez jokatu.

Iturria: https://ekoizpen-zientifikoa.ehu.eus
*Irudiak Azpeitiako foroan (2024/02/2) erabilitako txostenetik atera dira.